NEIKERek mila argitalpen zientifiko egin ditu ospe handiko aldizkarietan

Kopuru interesgarri horretara iritsi artean, ikerketa eta azterlan ugaritan aritu da joan den 30 urte pasatxoan

Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea (NEIKER) ospe handiko aldizkarietan egindako mila argitalpen zientifikotara iritsi da, Scopus-en datu basearen arabera. Informazioa aztertzeko Elsevier enpresaren zerbitzu bat da, eta bere erregistroak gauzatzeko, nazioarteko 18.000tik gora dibulgazio erreferentziari egiten die jarraipena.

Elsevierren datuen arabera, honako arlo hauetan egin du ezagutza ekarpen handiena: Nekazaritza-abeltzaintza zientziak eta zientzia biologikoak (%35), Biokimika, genetika eta biologia molekularra (%13,7), Albaitaritza (%13,1), Ingurumen zientziak (%11,23), eta Immunologia eta mikrobiologia (%10,3).

Eta dokumentu kopuruari dagokionez, honako aldizkari hauetan agertu da gehien: Plos One (33), Acta Horticulturae (24), Journal of Dairy Science (23), Veterinary Microbiology (20), BMC Veterinary Research (16), Small Ruminant Research (16) eta Spanish Journal of Agricultural Research (15).

Gainera, NEIKERek egindako ekarpenek oso harrena ona izan dute nazioarteko komunitate zientifikoan: gaur egunera bitarte 22.000tik gora aldiz aipatu dituzte ekarpenok.