Hobekuntza genetikoan berrikuntza lortzea da autonomiaz gaindiko GenMac talde eragilearen helburua, industriarako kalitatezko egurraren hornidura iraunkorra ziurtatzeko

Partzuergoak aurrerapausoak eman ditu, Santiago de Compostelan egindako bilera batean.

 

 

 

 

Basoen eta Basogintzaren Sektorearen aldeko Europar Batasunaren Estrategiaren arabera, egurra da basoetako baliabide nagusia, eta horren erabilera bultzatu egin behar da, lehengai iraunkorra eta berriztagarria baita, klimarekin zein ingurumenarekin errespetuz jokatzen duena, eta basoei eta horietako zerbitzu ekosistemikoei inolako kalterik eragiten ez diena.
Produkzio honen kalitateari dagokionez, sektoreko datuen arabera, aprobetxatutako egurraren soilik %30 erabiltzen da egitura eta arotz lanetarako (horiek dira balio handieneko erabilerak); gure inguruko gainerako herrialdeetan, berriz, erabilera %70ekoa da.Egurra eraldatzeko industriaren zati handi batek inportazioak egin behar izaten ditu, eta premia horiek nazioan bertan asebete ahalko lirateke, baldin eta baliabide genetikoei eta basogintzari buruzko ezagutzak basogintzaren kudeaketan aplikatuko balira.

“Koniferoen kalitatezko egurraren hornidura iraunkorrerako baliabide genetikoak (GenMaC)” autonomiaz gaindiko talde eragile bat da, honako helburu hauetarako sortutakoa: batetik, basogintzako baliabide genetikoei buruzko ezagutzak erabiltzeko zereginean berrikuntza txertatu eta lankidetzan jarduteko, eta, bestetik, ugalketarako basogintza material onenen erabilera sustatzeko, produktibitatea eta egur produkzioaren kalitatea hobetzeko asmoz, eta era horretan, basogintzaren kate osoan bideragarritasun ekonomikoa eta lehiakortasuna lortzeko, bai eta, aldi berean, baliabide natural berriztagarrien erabilera eraginkorra eta hornidura egonkorra, iraunkorra eta egurraren industriaren askotariko premietara egokitutakoa bultzatzeko ere.

Taldea uztailean bildu zen Santiago de Compostelako Cluster da Madeira e o Deseño de Galicia izeneko klusterraren egoitzan, proiektuaren lehenengo urteko zereginen amaierako faseari heltzeko eta lan zein jarduera egutegi bat finkatzeko, eta, hala, proiektuaren fase nagusiari ekiteko: pinuen hobekuntzako aurrerapenak zehaztea; erabilgarri dauden material onenak pilatzea; ebaluazioa egitea, egurraren kalitatearen eta izurriei, gaixotasunei zein faktore klimatikoei aurre egiteko erresistentziaren arabera; eta, azkenik, froga saiakuntzetan ezartzea, horien ezaugarriak alderatu eta egiaztatu ahal izateko.

GenMaC-ek FEADER laguntza bat jaso du 2018ko deialdian. Zehazki, Europako Elkarteko Talde Eragileen interes orokorreko berrikuntza proiektuei emandako laguntza, nekazaritzako produktibitate eta iraunkortasun gaietan berrikuntza txertatzeko. Taldean, egurraren balio kate osoa dago ordezkatuta, bai eta Administrazio Zentraleko eta autonomia erkidegoetako ikerketa zentro nagusiak ere, zeintzuek koniferoen kalitatezko egurraren produkziorako hobekuntza genetikoko programak lantzen dituzten. Hauek dira Talde Eragileko kideak:

 

FUENTEAMARGA MINTEGIAK. Basoko Mintegi, Paisaiaren Leheneratze eta Ingurune Naturalaren Espainiako Federazioko bazkidea da. Federazio horrek autonomia erkidego gehienetako ordezkariak ditu, eta bertako bazkideek eskarmentu handia dute basoak leheneratze eta ingurumen jardunetan.

ESPAINIAKO BASOGINEN ERAKUNDEEN KONFEDERAZIOA. COSE. Herrialde osoko baso jabe pribatuak ordezkatzen ditu, eta ibilbide luzea egin du Mendiaren Kudeaketa Iraunkorrarekiko konpromisoan, lanean eta lankidetzan.

NEIKER-TECNALIA. Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko bat da, eta erabateko konpromisoa dauka honako helburu hauekin: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketako teknologia berriak garatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriaren eta bere produktuen kalitate eta segurtasun eskakizunak asebetetzea.

GALIZIA-CSICen MISIO BIOLOGIKOA. CSICen Nekazaritza Zientzien arloari atxikitako institutua, baliabide fitogenetikoen kontserbazio eta ezaugarritzeari, hobekuntza genetikoari eta Penintsulako eremu Atlantikoko labore nagusien estresekiko erresistentziari buruzko ikerketan diharduena.

LOURIZANGO BASO IKERKETARAKO ZENTROA. Galiziako Xuntaren Baso Ikerketarako Zentroa da. Hauek dira Zentroaren helburuak: baso espazioen produktibitatea eta funtzio aniztasuna hobetzea; baliabideen iraunkortasuna eta kudeaketa sustatzea; ondasun ukiezinak hobetzea; baso ekosistemen iraunkortasuna, moldagarritasuna eta erresistentzia ziurtatzea perturbazio biotiko eta abiotikoen aurrean; eta ezagutza, informazio eta material erabilgarriak basogintzaren sektoreari transferitzea.

CLUSTER DA MADEIRA E O DESEÑO DE GALICIA KLUSTERRA. Galiziako egurraren sektoreko enpresen elkarte bat da, eta bertan parte hartzen dute industria balioaren kateko maila guztiek.

TRAGSA da Taldearen ordezkaria, eta oso zeharkako jarduna izaten du proiektuaren jarduera guztietan.